top of page

2KM

2012an lanak amaituta, eraikinaren kudeaketa eta erabilera asmatzeko prozesu parte-hartzailearen kilometroa.Prozesu horretan, gainera, Jaurlaritzak 2012ko udan “Sentido y sostenibilidad” erakusketa sustatu zuen eta proiektu horretan parte hartu zuen artistetako batek Astrako eraikin berrituan ikusgai dagoen artelana sortu zuen. Laburbilduz, Astra koordinadorak koiuntura politikoari etekina ateratzen asmatu du, prozesuaren hasieran egin zuten bezala, informatuta egon direlako eta unean uneko erabakiak hartzen asmatu dutelako, beti prozesu parte-hartzaile eta asanblearioari uko egin barik.



Izan ere, hiriak sortzeko zein eraldatzeko prozesuetan herritarren parte-hartze aktiboa ezinbestekoa da herri eta hiri horien kalitatea hobetzeko, eta, era horretan, guztion bizi kalitatea hobetzeko. Hala diote "Territorios inteligentes para ciudadanías emergentes" tailerraren bultzatzaileek: herritarrei euren ingurua kudeatzeko eta eraldatzeko aukera ematen dion hirigintza eredua defendatzen irakastea. Bilbon lan egiten du talde horrek. Baina ez dira bakarrak. Sevillan esaterako, Santi Cirugeda arkitektoak urteak daramatza hirigintza sozialago baten alde lanean, herriak, hiriak, bertan bizi direnentzako direla defendatzen, hirigintza sustengarriak elkarbizitzan laguntzen duela erakusten. Espazio publikoaren erabilera publikoa, parte-hartzailea, gertukoa, guztiona asko hedatu den aldarrikapena izatetik praktika izatera pasa da. Gernika-Lumon garatu den Astra proiektua ere bide horretan dago.

1KM

 

Lan prozesu horretan 0 Km-tik 1 Km-ra igaro ziren: oinarri arkitektonikoak definitzera. Prozesu horretan ondarearen katalogazioa etorri zen; Bizkaiko Foru Aldundiak Astrako edifizioa ondare historiko gisa izendatu zuen. Horrek, guztiz baldintzatu zuen proiektu arkitektonikoa, jakina. Horren adibide da, esaterako, jatorrizko erakinari lotu zaion eraikin berrian dagoen igogailua ez dela eraikin zaharreko azkeneko solairuraino iristen eta baldintzatu egiten duela, berritze planoetan jada jasota zegoen, biltegiaren erabilera. Hortaz, eraikinak herritarrentzako zuen esanahi sinbolikoari, balio artistikoa gehitu zitzaion eta balio hori eraberritze lanei esker gehitu egin da, lan artistikoa ere baduelako aurrealdeko fatxadan, Eusko Jaurlaritzaren ekimenak bultzatuta. Izan ere, Urdaibain bigarren Guggenheima egiteko Bizkaiko Foru Aldundiak zuen asmoaren karietara, Eusko Jaurlaritzak kontra-proposamena jarri zuen abian: Sormen fabrikak sustatzeko dekretua. 2011n kaleratu zuen eta Gernikako Udalak Astrako proiektua aurkeztu zuen. Hala, 1,5 milioi euroko diru-laguntza lortu zuten gernikarrek, armagintza enpresa zaharra eraberritzeko.

0KM

 

2005eko okupazioaren ondoren, herrian aldekotasun jarrera zabaltzen hasi zen eta 2006ko okupazioaren ondotik, gauzak “lasaiago” kudeatzeko gaitasuna izan zuten Astrakoek. Udalak ere jarrera aldatu zuen. “Eraikina pribatua da, ezin dugu ezer egin” esatetik, “eraikina enkantean erosiko dugu” esatera pasa zen Gernikako Udala. Horretan ezinbesteko garrantzia izan zuen herrian zegoen Astraren aldeko jarrerak. Gernikarrek barneratu zuten gazteek, herriko musika taldeek, kultura elkarteetako kideek, ganorazko azpiegiturak behar zituztela gutxieneko duintasun batekin jarduteko. Eta horretarako, Astrako eraikina egokiena zen. Gainera, gernikarrentzako esangura sinboliko handikoa zen fabrika hori.

Gauzak horrela, bigarren okupaziotik 3 hilabete eskasera, Udalak erosi egin zuen enkante publikoan Astrako eraikina. Garai hartako espekulazio mugimenduetatik libre geratu zen eta udal jabetzako eraikin publiko izatera pasa zen;  urtebeteren buruan hitzarmena sinatu zuten Astra Gernikentzako eta Gernikako Udalak: erabilera publiko, sozial eta kulturala izango zuen eraikina izatea adostu zen, bai eta, erabileraren inguruko erabakiak parte hartze publikoarekin hartuko zirela. Horretarako talde sustatzailea eratu zen, parte hartze prozesua bideratzeko.

Astra Gernikentzat egitasmoak, Astra Koordinadoraren eskutik, Astra Proiektuan bihurtu zen eta, jada, Kulturarako fabrika soziala da. Horretarako 7 urte behar izan dira.

Kilometroz kilometro

bottom of page