top of page

Auzolana, gardentasuna, prokomuna

Hasieratik argi izan dute Astra proiektuan elkarlana zela bidea. Orain dela zazpi urte okupazioa gauzatzea erabaki zutenean, hilabeteak zeramatzan gazte talde anitz batek herriko ekipamendu eskasa salatzen eta horri soluzioa emateko lanean. Gazte asanbladaren baitan elkartu ziren gazteak, Iparragirre musika taldeen elkartean ari zirenak eta herriko kultura elkarteek amankomunean zuten hura plazaratu zuten eta urteetan “ura biltzen egondako presako hormak gainezka egin zuen”. Halaxe gorpuztu zen lan dinamika hura eta Astra Gernikentzako mugimenduak arrakasta itzela lortu zuen.



Behin armagintza enpresa zaharra okupatuta, instituzioekin negoziazioa gauzatu beharra etorri zen. Eraikin pribatu bat hartu zuten, bai, baina hartzekodunen lehiaketan zegoen eta enkantera ateratzear, data zehatza ez bazekiten ere. Ez zen edozelako ekintza izan Astrako okupazioa; izan ere, eta Santi Cirugeda arkitektoak “Recetas Urbanas”en azaltzen duen moduan, garrantzitsua da okupazio publiko bat gauzatzeko orduan eraikin edo leku horren egoera administratiboaren inguruan ahalik eta informaziorik gehiena izatea. Ildo horretan, hasieratik bertatik ikusi da Astra proiektua ez dela inprobisatutako proiektua izan. Apustu handia egin zuten eta emaitza ere tamainakoa izan da.



Prokomunaren aroa

Astrako proiektua bonantza urteetan sortutako ekimena izan da. Eraikuntza sektoreak etxebizitzak eta bestelako eraikuntzak inoiz baino gehiago egiten zituen sasoian. Gernikako Ibarra aldean kokatzen den Astra fabrika zaharra ere “negozio” horretara kondenatuta zegoen, baina historia aldatzea lortu zuten gazte konbentzituek. Gaur egun prokomuna terminoa lantzen dutenek dioeten eran, erakundeetatik harago publikoa eta amanakomuna indartzeko birpentsatu beharra daukagu. Ez da erraza izaten, kasu askotan erakundeen kontra ari direlako uste izaten delako. Baina sortzen diren dinamikak irekiak, flexibleak eta anitzak izaten direnean, ideiak gauzatu egiten dira. Astra koordinadorakoek ondo dakite hori eta euren proiektua nola gauzatu den azaltzera iritsi dira egunotan. Urrian Bilbon izan ziren “BAT Bizikidetzarako Arkitektura Topaketak” jardunaldietan eta azaroko azkeneko asteburuan, berriz, Madrilera gonbidatuta zituzten, Patio Maravillasekoek, proiektuaren berri emateko.


Auzolanean egin dira herri honetan gauza asko, baina galtzear ere egon da jarduteko modu hori. Orain, baliteke krisiaren eraginez izatea, baina batez ere ohartu izanaz indibidualismoak ez digula taldearentzako soluziorik emango, prokomuna lehenetsi beharra dago, auzolanean kultura parte-hartzailea sustatzea.

Elkarlana, identitataren ezaugarri

bottom of page