top of page

Okupazioaren ondotik, traba judizial eta bestelakoak gaindituta, forma ematen asmatu zuten proiektuan sinetsi zutenek. "Astra Gernikentzako" ekimena hasi zen proiektua definitzen; udalarekin harremanak estutzen, lantegia herriarentzako izan zedin zuen garrantziaz herritarrak ohartarazten.

Eraikinak berak duen aurrekari historikoez haratago, Astra Proiektuak erakutsi du, posible dela gutxi batzuen mesederako aritu beharrean, herri oso batentzako aritzea, bestelako ezkutuko interesetatik kanpo. Are gehiago, proiektuan inplikatu diren herritarrek, euren ordu libreetako asko eta asko eskaini dizkiote egitasmoari, ideietatik ekintzetara hainbat bider pasa behar izanez eta, tartean, erabaki dezente hartu behar izanik:

- 2005-12-24, Okupazioa gauzatzeko erabakia

- 2008-06-11, Gernika-Lumo eta Astra Koordinadoraren artean sinatutako hitzarmena

- 2011-06-24, Eusko Jaurlaritzak Sormen Lantegien programaren dekretua onartu zuen

Arma enpresagintzatik bizitza sortzelekura

2005eko abenduaren 24ean ezarri zen mugarria. Goizeko 05:00etan hartu zuen Astra lantegia herriko gazte koadrila batek. Helburua argia zen: eraikina ez zedila espekulazioren mesedetarako izan, baizik eta herriaren erabilera sozialerako. Prozesu luze eta neketsua izan da, baina gernikarrek lortu dute euren historiaren parte den eraikin horri, esangura sinbolikotik harago, herrigintzaren esangura ematea eta horixe izatea aurrera begirako oinarria eta funtsa.

bottom of page